XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bazterretan entzuna eta ondo ikasia da, teleologismoa zientziatik aparte dagoela.

Baina teleologismoa eta zientzia bereizka daitezkeela pentsatzen da.

Zientzia marxista eta teleologismo marxista, adibidez, bi maila diferentetan daudela, eta bi gauza zeharo diferente direla.

Izan ere, bi mailok apartatuz gero, zientifikoari bere hesparruan gelditzeko eskatzen zaio, eta ez hankarik sartzeko besterenean.

Badu funtsik bereizkuntza honek.

Batez ere, ideologiek beren buruak zientziaren atakeetatik salbu eta seguruan jarri dituzte.

Zientziak beren aldetik eta ideologiak berenetik gelditzen dira.

Erraz egiten dira bakeak.

Ideologiak zientzien erasoetatik salbatzen dituen bereizkuntza horretaz asko mintza liteke.

Baina, dena den, tranpa makurra da, gero ondorio hau ateratzea: gertatzea naturak egiten du; ekintza, aldiz, teleologikoa da.

Hau da, adibidez: iraultzarik egin ahal ukaiteko, gizartearen azterketa zientifikoa behar-beharrezkoa dela: baina iraultza egitera eragiten diguna, ekintzara, ez dela azterketa hori, fedea baizik.

(Fedea kristau ala marxista ala beste edozein ideologiatakoa izan liteke).

Arrazoipide hau askotan erabiltzen da.

Gizonaren ekintza teleologikoa salbatu nahi derrigor.

Eta egia da gizonaren ekintzak, kontzientea den aldetik, beste abereena ez bezala, egitamu teleologiko hori agiri duela.

Baina arrazionalismo eta idealismo ilustratu hutsa da, boluntarismo tankeraz jantzita, ekintzaren iturburu eta kausa beti ere fedea bakarrik, edo xedeak, aipatuz ibiltzea.

Ekintzari beti ere sustraiak naturatik landa bilatzea.

Natura eta historia (ekintza) bi erreinutan bereizi, eta historiarentzat teleologismoa gordetzea da hori.

Hots: ekintza funtsean kontzientziari bakarrik dariola (nolanahiko Kontzientzia Absoluturen bati, agian).

Xedeak xede, naturaren esku-hartzerik gabeko ekintzarik ez dago.